BERGARAKO ORFEOIA

Proiektu sinfonikoak

40ko hamarkadaren amaierako Frontoiko kontzertuetan lankidetza handia lortu zen Aranbarri maisuarekin. Polifonia eta folklore kontzertuez gain, Verdiren Requiem-aren zatiak ere interpretatu ziren. Emaitza ikusita, Orfeoiaren batzordeak pentsatu zuen unea zela jaialdi sinfoniko-koraletara jotzeko.

Hala, Aranbarri maisuari San Pedron jaialdi sakro bat antolatzeko nahia aurkeztu zitzaion. San Pedro eliza auditorio bihurtzeko abentura izugarria izan zen; azkenean, 1952ko irailaren 21ean Verdiren Requiem Meza estreinatu zen. Kontzertu horren ondoren, errepertorio sinfoniko-koraleko obra handiak etorri ziren: Beethoven, Mozart…

Kontzertu horiek ospe handia eman zion Bergarako Orfeoiari, eta horrek ateak ireki zizkion Madrilgo antzoki handietan eta beste hiri garrantzitsu batzuetan. Orkestra Nazionalarekin edo Radio Televisión Españolaren orkestrarekin jardun zuen, besteak beste.

Odon Alonsok zuzendutako Prokofieven Alexander Nevsky ere gogoangarria izan zen. Kontzertua Euskal Telebistak grabatu zuen. 

Orfeoiak beti nahi izan du musika sinfoniko-korala izatea bere ibilbidearen ikurra eta, duela 25 urte, 75. urteurrenean, Bilboko Orkestra Sinfonikoa gonbidatu zuen Miguel Gonzalez Bastidaren Stabat Mater interpretatzeko. 

Azken urteotan, San Pedro elizan kontzertu sakroak egin dira, eta mendeurreneko ospakizunen barruan, Mozarten Requiem-a interpretatu zen beste abesbatza batzuen laguntzarekin, ia 200 kideko korua osatuz.