Bergaran estreinatu zen historiako lehen euskal opera: Peñafloridako Kondearen El borracho burlado, eta horrek, modu batera edo bestera, tradizio baten hasiera markatu zuen.
Novedades aretoan antzerki-emanaldi musikalak egin ziren, baina behar besteko tamaina ez zuenez, Udal Pilotalekuan musikal eta antzerki-jaialdi handi bat antolatzea erabaki zen. Bergarako Orfeoiak protagonismo berezia izan zuen, eta Donostiako Kontserbatorioko Orkestra eta Goizaldi dantza taldea ere kontratatu ziren. Estreinaldia 1957ko Mendekostean izan zen.
Jaialdi horren oroigarri, 1990ean San Martzial Estanpa taularatu zen berriz eta baita 1997an ere, San Martin Agirreren martirioaren 400. urteurrena zela eta
1993an, berriz, Musika Eskolak bere hamargarren urteurrena ospatzeko Miserableak estreinatu zuen, euskaraz eszenaratutako historiako lehen musikala. Orfeoikide ugarik hartu zuten parte.
Eta 1999an, Orfeoiaren 75. urteurrenean, Oliver! musikala eskaini zuen orfeoiak berak. Arrakasta handia izan zuen eta Euskal Herriko antzoki handietara eraman zen: Kursaal, Baluarte, Gasteizko Principal, Euskalduna…
Urte batzuk geroago, Orfeoiak Seussen Mundua estreinatu zuen Bilboko Euskalduna Jauregian.
Aipatutako musikalak eta gerora estreinatu diren beste batzuk Bergarako erreferente kultural bihurtu dira, eta Orfeoiko abeslariak funtsezko pieza dira Bergaran antolatzen diren ikuskizun gehienetan.